XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aretoak berotu egin behar dira publikoa erakartzeko.

Besterik gabe programatzea oso erraza da, ikuskizuna kontratatu eta kitto; aretoak ordea, giro bat hartu behar du aldez aurretik.

Batzutan ematen du ikuskizun batzu pobreentzat direla eta beste batzu aberatsentzat, eta hori ezin da onartu.

Oreka bilatu behar da.

Gainera zirkuitoak guztiz beharrezkoak dira, antzerki taldeak biziko badira.

Zirkuitoa finkatzeko baina, orain dagoena babestu behar da.

Leku batzuetan (Basauri, Hernani edo Santurtzin) behe-behetik sortarazi dute publikoa, eta Administrazioak kontutan hartu behar du errealitate hori.

Orain arte Administrazioak, edo zehatzago esateko, Jaurlaritzak antolatu dituen kanpaina guztiak oso eraketa kaxkarra izan dute.

Propaganda zaindu behar da, herria girotu, bestela jende gutxi hurbilduko da teatrora.

Eta zirkuito hauetan bereziki lagundu behar zaio euskaraz egiten den antzerkiari.

Euskararen egoera aintzat hartuz gero, argi baino argiago dago arazo hau, baina Administrazioarentzat ez omen dago hain argi.

Aretoen azpiegitura ere hobetzeko premian dago.

Gehienak zeharo hondatuta daude.

Nahiz eta publikoarentzako tokia ondo egon, eskenatokiak ez daude egoera berean.

Askotan polikiroldegietan baldintza hobeak aurkitzen ditugu.

Esandako guztiaz gain, esperientzia berriak ere eduki behar ditugu publikoa erakartzeko, bestela jende gutxi hurbilduko zaigu beti.

Zirkuitoetan diru bat ziurtatu behar dute; berdin dio Bilbon zein Donostian zein Tolosan; diru hori ziurtatua egon behar du.

Eta hori Administrazioaren betebeharra da; edo Udalarena edo Diputazioarena edo Jaurlaritzarena.

Takilako diruari begira bagaude ez dago zer eginik.

SUSA.- Sorkuntzarako dirulaguntzen kontua betidanik gertatu da prolematikoa....

AGUS ARRAZOLA.- Alor honetan ez dira inoiz gauzak argi egon.

Ez dakigu inoiz laguntza horien diru-kopurua zenbatekoa den eta badirudi Administrazioak ez duela jakin nahi zenbat diru behar den antzeslan bat montatzeko.

Euskal Herrian egiten diren montaiak oso merkeak dira kanpokoen aldean.

Zaila da jakitea zein erizpideren arabera banatu behar den dirua, baina argi dago denentzat egon behar duela, amateurrak ere beren premiak dituelako, eta hori ezin da ahaztu.